martes, 27 de noviembre de 2012


LAXOA

                Laxoa, euskal pilotako modalitaterik zaharrenetariko bat da eta horregatik ez da oso ezaguna. Horren froga dugu modalitate hau praktikatzen duten zonaldeen hedadura eskasa, Baztan eta Malerrekan praktikatzen baita nagusiki, zonalde hauetan udaberritik hasi eta uda bukaera arte lehiaketak egiten direlarik. Ondorengo paragrafoetan kirol berezi eta polit hau zertan datzan azaltzen saiatuko gara.

1.    Egitura

1.1. Joko mota eta helburua

                Laxoa era zuzenean eta tresna bezala tamaina ezberdinetako eskularruak erabiliz jokatzen den pilota jokoa da; hau da, bi taldek jokatzen dute bata bestearen parean eta aurka, tenis edo padelaren antzera baina sarerik gabe. Jokoaren helburua pilota beste zelai zatira pasatzea eta aurkariari tanto egitea da. Bestalde, plaza librean jokatzen da, eta sarearen ordez plazaren erdiko zoruan marra bat egoten da margoturik talde bakoitzaren zelaiak bereizteko. Arraroa badirudi ere, jokoan zehar marra hau “lekuz aldatzen” da arraiak gertatzen diren heinean (hauek zer diren zehaztasun gehiagoz aurrerago azalduko dugu).

1.2. Jokalekua

                 
               Aipatu bezala, euskal pilotako jokamolde hau ez da frontoi batean jokatzen, plaza librean baizik. Plaza hau laukizuzena da, 60-80m luze eta 12-20m zabal, eta lurzorua hormigoizkoa edo asfaltozkoa izaten da, nahiz eta antzina belarrezkoa izan. Ikusi ohi ditugun frontoiek ez bezala, pareta bakarra du (errebotea) sakea egiten den lekuaren parean kokatzen dena eta pixka bat inklinaturik egon daitekeena, eta lehen erran bezala, plazaren erdian marra bat dago margotuta.
        
1.3. Erremintak edo tresnak

                Laxoan 4 kidez osaturiko bi taldek jokatzen dute elkarren aurka, talde bakoitza plazaren eremu batean kokatzen delarik. Futbolean bezala, taldekide bakoitzak postu bat eta betebehar bat du taldean (koartoak, sakatzaileak eta numeroak), eta horren arabera eskularru bat edo bestea erabiliko dute pilota jotzeko.
                Eskularruei dagokienez, eskularru laburra eta luzea bereizten ditugu, zeintzuen ezberdintasun nagusia tamainan dagoen.
·         Eskularru laburra: luzea baino zabalagoa eta motzagoa da. Horrexegatik da aproposena pilota gelditzeko, eta horregatik erabiltzen dute koartoek.
·         Eskularru luzea: laburra baino 10cm luzeagoa eta estuagoa da; behealdean zabala, baino muturrean estutzen joaten baita. Muturreko estutasun horregatik pilotari jokalariak nahi duen norabidea emateko aproposena da, eta horregatik erabiltzen dute eskularru hau sakatzaileak eta numeroak.


Hona hemen interesgarria izan daitekeen bideo bat eskularruei buruz. 

Beste erreminta batzuk aipatzerako orduan, botarriari eta pilotari buruz hitz egitea ezinbestekoa da. Hau, sakalariak sakea egiteko tresna da eta egur, harri edo burdinazko atrilaren antzekoa, tripode baten gainean kokaturik dagoena. Mugikorra da baina plazaren toki finkoan kokatzen da, sakalariak sakea egiten duen lekuan hain zuzen ere eta sakalariaren altueraren arabera igo edo jaitsi daiteke. Bere funtzioari dagokionez, hau, sakalariak libre duen eskuarekin pilota bertan punpatu behar duela da, saskiarekin kolpatu baino lehen.
                              
Pilotari dagokionez aldiz, hau beltza izaten da hobeto ikusi ahal izateko eta hariz eta kotoiz egina egoten da, bi  larru dituelarik: bat barruan eta bertzea, beltz kolorekoa, kanpoan. Jokalariek pilota “irrist” eginez kolpatzen dute eskularruarekin, hau da, pilota ezin da eskularruan geratu.  Hemen pilota nola egiten den erakusten zaizue interesatuz gero ikus dezazuen.             
       

1.4. Puntuazio-sistema

Laxoaren puntuazio-sistema tenisaren oso antzekoa da, jokoen bidez zenbatzen baita eta joko bakoitzak 4 kintze baititu. Kasu honetan, partidua 9 jokotara jokatzen da eta kintzeak tenisean bezala egiten dira (15, 30, 40) eta 40ra berdindu ezkero, bi kintze jarraian irabazten dituen taldeak eramaten du jokoa. Bestalde, kintze horiek era ezberdinetan egin daitezke: aurkariak falta egitean edo zure taldeak kintzea lortuz.
·         Falta: falta dela esaten da  pilotak botea bazterretako eskasetan edota hauetatik kanpo egiten duenean; sakeak erdiko eskasa (marra) pasatzen ez duenean; pilotak jokalari bati bi aldiz jotzen badio edo jokalariari jo ondoren, kide bati airez edo lehen botean jotzen badio; edota atxikia egiten denean.
·         Kintzeak lortzeko: hau gertatzeko pilotak zelai osoa zeharkatu behar du. Hau da, sakez pilotak errebotea ukitu behar du aurkako zelaian punpa egin baino lehen, edo errebotez pilota jaurtitzerakoan honek botarria pasatzen badu, aurretik aurkako taldearen zelaian punpa egin gabe.
Hala ere, kintzeak ez dira zergatik modu horretan lortu beharrik; hau da, gure taldeak aurkako taldeari akats bat egin arazten baldin badio, hauek falta eginez, kintzea gure taldearentzat izango da.
Beste aldetik, pilotako modalitate guztietan bezala, pilota airez edo bote bat eman ondoren kolpatu behar da. Pilotak bi bote edo gehiago ematen baditu, jokoak jarraitzen du pilota plazako iskin batetik irten arte edo plaza barruan geldirik geratu arte. Kasu hauetan arraia gertatzen da eta inork ez du tantoa batzen, tantoa amaitu gabe gelditzen da zelai aldaketa egin arte. Zelai aldaketa bi arrai edo arrai bat eta talde batek 40 duenean gertatzen da.

1.5. Arraia

Arraia ondorengo kasuetan gertatzen da: pilotak ez badu plaza osoa gainditzen eta gelditzen bada; pilotari batek pilota gelditzen badu bigarren botean edo arrastaka plazan; edo lehenengo botea plazan eman eta gero bazterretatik ateratzen denean. Kasu hauek gertatzen direnean, kintze hori ez da inorena izango eta gerorako jokatuko den jokaldi bat bezala utziko da, taldeak zelaiz aldatzean jokatuko dena.
Hemen hartzen du parte txatxariak, aurreko kasuak gertatzen diren lekuan jartzen baitu bandera “Ni arrai!” oihukatuz eta bertan gero arraia jokatuko dela adieraziz. Gauzak horrela, bandera horrek plazako erdiko marrarekiko paraleloa den bertze marra irudikari bat adieraziko du eta taldeak lekuz aldatzean, futbol amerikarrean egiten den antzeko gauza bat egingo da: talde baten zelaia handiagoa izango da bestearena baino, arraia izango baita bi zelaiak banatuko dituen marra (ez jokaldi “normaletako” erdiko marra), eta talde batek besteak baino eremu handiagoa defendatu beharko du. Gogora dezagun arraia talde baten zelaiko edozein lekuan gertatzen ahal dela (aurreko kasuak gertatzen diren lekuan), horregatik, zelai bat bestea baino handiagoa bihurtzen da.
Modu honetan, arraia egin duen taldearen zelaia txikiagoa izango da besteena baino (kintze hau jokatzeko zelaiz aldatuko baitira), eta modu honetan, zelai txikiagoa duen taldeak askoz errazago izango du bere eremua defendatzea eta beste taldeari kintzea irabaztea, hauek zelai handiagoa izango dutelako. Horregatik da garrantzitsua arraia aurkarien zelaian ahalik eta atzeen lortzea, gero zelai hori gurea izango baita eta txikiagoa izango denez, eremu gutxiago defendatu beharko dugulako eta beste zelai handian tantoa egitea askoz errazago izango dugulako. Hemen garrantzi handia hartzen dute lehen aipaturiko koartoek, beraiek baitira arraia lortzen edo ekiditen duten jokalari nagusiak. Aipatu behar da ere, taldeetako jokalariak besteen eremuan sar daitezkeela kintzea errazago lortzeko, batez ere arraietan.
Oitz herrian jokatutako partidu baten zati bat ikus dezakezue jokamolde honetan hobeto koka zaitezten.

2.    Jokoa

2.1. Jokalariak
Jokalarien postuei dagokionez, jokoa ulertzeko oso garrantzitsua da postu bakoitzean jokatzen duen jokalariaren funtzioa zein den eta zertan datzan ulertzea. Aipatu beharra dago ere, jokalariek partiduan zehar postuz aldatzen ahal dutela.

 · Sakalaria: botarria izeneko tresna batetik sakea egiten duen jokalaria da, eta lehen erran bezala, horretarako eskularru luzea erabiltzen du. Sakeaz gain, pilota jokoan dagoenean hau nahi duen bezala mugi dezake besteei tantoa egiteko helburuarekin. Jokalari hau errestoan baldin badago beste taldeak pilota sakatzen duenean, errebotearen ondoan kokatuko da.

·         Numeroa: jokalari hau, bere taldeak sakatzen duenean, sakalariaren eta koartoen artean kokatzen da; errestoan berriz, errebotearen ondoan, sakalariarekiko paralelo. Honek ere, sakalariak bezala, eskularru luzea janzten du eta bere helburua, pilota ahalik eta gehien mugituz aurkako taldeari tantoa egitea da.
·         Koartoak: bi koarto daude talde bakoitzean eta zelaiaren erdian kokatzen dira, plazako erdiko marratik nahiko hurbil eta sakalaria eta numeroen aurrean, bata bertzearekiko paralelo. Hauek eskularru motzak erabiltzen dituzte eta horregatik, beraien helburu nagusia pilota gelditzea da, nahiz eta batzuetan, pilota urrutira bota behar izaten duten. Jokalari hauen lana ez da sakalariena edo numeroena bezain ikusgarria, baina oso betebehar garrantzitsua dute, batez ere aurrerago azalduko ditugun arraietan.










Ì Txatxaria: txatxaria ez da jokalari bat, esan dezakegu laxoa jokamoldeko “epaile” gisako bat dela, honek partiduaren martxa kantatu eta kontatu eta arraiak leku zehatzetan markatzen baititu banderatxo batzuk erabiliz. Horrela, arraia bat jokatzean, jokalariei arraiaren kokapen zehatza adierazten die, “Ni arrai!” oihukatuz; bera dagoen tokia arraiaren marra dela adieraziz.

2.2. Kolperik ezagunenak
Laxoa jokamoldeko kolperik ezagunenak sotamanoa, bolea, errebesa eta mandrona dira. Lehenengo hirurak oso erabiliak dira euskal pilotako beste hainbat jokamoldeetan, baina mandrona (errebesaren oso antzekoa) laxoaren kolpe adierazgarriena da, gainerako jokamoldeetan ez baita erabiltzen.

2.3. Jokaldirik ikusgarrienak

Laxoa jokamoldeko jokaldirik ikusgarrienetarikotzat har ditzakegu pilotak plaza osoa gainditzen dueneko jokaldia eta arraia lortzeko pilota lurrera botatzen denekoa. Lehenengo jokaldi hau ikusgarria da plaza gainditzeko jokalariek pilotari izugarrizko “zartakoa” eman behar diotelako, plaza oso luzea baita (60-80m). Antzina, gainera, batzuetan pilotak plaza guztia igaro eta ondoan zeuden kaleetara bidaltzen zituzten, aurkako taldeko jokalariak korrika batean plazatik irteten zirelarik pilota bila, padelean egiten den antzera. Bigarren jokaldia, aldiz, nahiko bitxia da, jokalariak pilota zuzenean lurrera botatzen saiatzen direlako, arraia lortzeko intentzioarekin (pilotak bi bote eman eta gero gelditzen denean edo plazan bote bat eman eta bertatik irteten denean). Hau euskal pilotako jokamolde gehienetan ez denez ohikoa, ikusleek gustuko dute eta ikusgarria izaten da, beste taldeko jokalariak askotan arraia ekidin nahian lurrera botatzen direlako.

         Badakigu jokamolde eder hau ez dela oso erraza ulertzen, batez ere arraiaren puntua kontutan hartzen badugu, baina guk kontzeptu hauek eta jokamolde  honetara nola jokatzen den ahalik eta errazen ulertzeko bideo bat egin dugu. Espero dugu zuen gustukoa izatea.




Bibliografia:

·         Arraztoa T., eta Prim J. (2003). Laxoaren gida. Baztan: Laxoa elkartea
·    Calderón G., Carrión H., & Gil J. (2010). Patrimonio histórico del juego y del deporte español: Laxoa-Guante. PDF.
·         Urriak 20 inguruan hartua http://www.youtube.com/watch?v=QZjSpbL4yFY -tik.
·         Azaroak 21ean hartua http://www.euskonews.com/artisautza/0194zbk/procesos_es.html -tik.
·        Azaroak 21ean hartua http://www.youtube.com/watch?v=tuH2ipaBkgQ –tik.


sábado, 3 de noviembre de 2012

Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Fakultateko 4 ikasle gara eta blog honetan euskal pilotari buruzko informazioa argitaratuko dugu; batez ere, LAXOA deituriko jokamoldeari buruzkoa.