martes, 27 de noviembre de 2012


LAXOA

                Laxoa, euskal pilotako modalitaterik zaharrenetariko bat da eta horregatik ez da oso ezaguna. Horren froga dugu modalitate hau praktikatzen duten zonaldeen hedadura eskasa, Baztan eta Malerrekan praktikatzen baita nagusiki, zonalde hauetan udaberritik hasi eta uda bukaera arte lehiaketak egiten direlarik. Ondorengo paragrafoetan kirol berezi eta polit hau zertan datzan azaltzen saiatuko gara.

1.    Egitura

1.1. Joko mota eta helburua

                Laxoa era zuzenean eta tresna bezala tamaina ezberdinetako eskularruak erabiliz jokatzen den pilota jokoa da; hau da, bi taldek jokatzen dute bata bestearen parean eta aurka, tenis edo padelaren antzera baina sarerik gabe. Jokoaren helburua pilota beste zelai zatira pasatzea eta aurkariari tanto egitea da. Bestalde, plaza librean jokatzen da, eta sarearen ordez plazaren erdiko zoruan marra bat egoten da margoturik talde bakoitzaren zelaiak bereizteko. Arraroa badirudi ere, jokoan zehar marra hau “lekuz aldatzen” da arraiak gertatzen diren heinean (hauek zer diren zehaztasun gehiagoz aurrerago azalduko dugu).

1.2. Jokalekua

                 
               Aipatu bezala, euskal pilotako jokamolde hau ez da frontoi batean jokatzen, plaza librean baizik. Plaza hau laukizuzena da, 60-80m luze eta 12-20m zabal, eta lurzorua hormigoizkoa edo asfaltozkoa izaten da, nahiz eta antzina belarrezkoa izan. Ikusi ohi ditugun frontoiek ez bezala, pareta bakarra du (errebotea) sakea egiten den lekuaren parean kokatzen dena eta pixka bat inklinaturik egon daitekeena, eta lehen erran bezala, plazaren erdian marra bat dago margotuta.
        
1.3. Erremintak edo tresnak

                Laxoan 4 kidez osaturiko bi taldek jokatzen dute elkarren aurka, talde bakoitza plazaren eremu batean kokatzen delarik. Futbolean bezala, taldekide bakoitzak postu bat eta betebehar bat du taldean (koartoak, sakatzaileak eta numeroak), eta horren arabera eskularru bat edo bestea erabiliko dute pilota jotzeko.
                Eskularruei dagokienez, eskularru laburra eta luzea bereizten ditugu, zeintzuen ezberdintasun nagusia tamainan dagoen.
·         Eskularru laburra: luzea baino zabalagoa eta motzagoa da. Horrexegatik da aproposena pilota gelditzeko, eta horregatik erabiltzen dute koartoek.
·         Eskularru luzea: laburra baino 10cm luzeagoa eta estuagoa da; behealdean zabala, baino muturrean estutzen joaten baita. Muturreko estutasun horregatik pilotari jokalariak nahi duen norabidea emateko aproposena da, eta horregatik erabiltzen dute eskularru hau sakatzaileak eta numeroak.


Hona hemen interesgarria izan daitekeen bideo bat eskularruei buruz. 

Beste erreminta batzuk aipatzerako orduan, botarriari eta pilotari buruz hitz egitea ezinbestekoa da. Hau, sakalariak sakea egiteko tresna da eta egur, harri edo burdinazko atrilaren antzekoa, tripode baten gainean kokaturik dagoena. Mugikorra da baina plazaren toki finkoan kokatzen da, sakalariak sakea egiten duen lekuan hain zuzen ere eta sakalariaren altueraren arabera igo edo jaitsi daiteke. Bere funtzioari dagokionez, hau, sakalariak libre duen eskuarekin pilota bertan punpatu behar duela da, saskiarekin kolpatu baino lehen.
                              
Pilotari dagokionez aldiz, hau beltza izaten da hobeto ikusi ahal izateko eta hariz eta kotoiz egina egoten da, bi  larru dituelarik: bat barruan eta bertzea, beltz kolorekoa, kanpoan. Jokalariek pilota “irrist” eginez kolpatzen dute eskularruarekin, hau da, pilota ezin da eskularruan geratu.  Hemen pilota nola egiten den erakusten zaizue interesatuz gero ikus dezazuen.             
       

1.4. Puntuazio-sistema

Laxoaren puntuazio-sistema tenisaren oso antzekoa da, jokoen bidez zenbatzen baita eta joko bakoitzak 4 kintze baititu. Kasu honetan, partidua 9 jokotara jokatzen da eta kintzeak tenisean bezala egiten dira (15, 30, 40) eta 40ra berdindu ezkero, bi kintze jarraian irabazten dituen taldeak eramaten du jokoa. Bestalde, kintze horiek era ezberdinetan egin daitezke: aurkariak falta egitean edo zure taldeak kintzea lortuz.
·         Falta: falta dela esaten da  pilotak botea bazterretako eskasetan edota hauetatik kanpo egiten duenean; sakeak erdiko eskasa (marra) pasatzen ez duenean; pilotak jokalari bati bi aldiz jotzen badio edo jokalariari jo ondoren, kide bati airez edo lehen botean jotzen badio; edota atxikia egiten denean.
·         Kintzeak lortzeko: hau gertatzeko pilotak zelai osoa zeharkatu behar du. Hau da, sakez pilotak errebotea ukitu behar du aurkako zelaian punpa egin baino lehen, edo errebotez pilota jaurtitzerakoan honek botarria pasatzen badu, aurretik aurkako taldearen zelaian punpa egin gabe.
Hala ere, kintzeak ez dira zergatik modu horretan lortu beharrik; hau da, gure taldeak aurkako taldeari akats bat egin arazten baldin badio, hauek falta eginez, kintzea gure taldearentzat izango da.
Beste aldetik, pilotako modalitate guztietan bezala, pilota airez edo bote bat eman ondoren kolpatu behar da. Pilotak bi bote edo gehiago ematen baditu, jokoak jarraitzen du pilota plazako iskin batetik irten arte edo plaza barruan geldirik geratu arte. Kasu hauetan arraia gertatzen da eta inork ez du tantoa batzen, tantoa amaitu gabe gelditzen da zelai aldaketa egin arte. Zelai aldaketa bi arrai edo arrai bat eta talde batek 40 duenean gertatzen da.

1.5. Arraia

Arraia ondorengo kasuetan gertatzen da: pilotak ez badu plaza osoa gainditzen eta gelditzen bada; pilotari batek pilota gelditzen badu bigarren botean edo arrastaka plazan; edo lehenengo botea plazan eman eta gero bazterretatik ateratzen denean. Kasu hauek gertatzen direnean, kintze hori ez da inorena izango eta gerorako jokatuko den jokaldi bat bezala utziko da, taldeak zelaiz aldatzean jokatuko dena.
Hemen hartzen du parte txatxariak, aurreko kasuak gertatzen diren lekuan jartzen baitu bandera “Ni arrai!” oihukatuz eta bertan gero arraia jokatuko dela adieraziz. Gauzak horrela, bandera horrek plazako erdiko marrarekiko paraleloa den bertze marra irudikari bat adieraziko du eta taldeak lekuz aldatzean, futbol amerikarrean egiten den antzeko gauza bat egingo da: talde baten zelaia handiagoa izango da bestearena baino, arraia izango baita bi zelaiak banatuko dituen marra (ez jokaldi “normaletako” erdiko marra), eta talde batek besteak baino eremu handiagoa defendatu beharko du. Gogora dezagun arraia talde baten zelaiko edozein lekuan gertatzen ahal dela (aurreko kasuak gertatzen diren lekuan), horregatik, zelai bat bestea baino handiagoa bihurtzen da.
Modu honetan, arraia egin duen taldearen zelaia txikiagoa izango da besteena baino (kintze hau jokatzeko zelaiz aldatuko baitira), eta modu honetan, zelai txikiagoa duen taldeak askoz errazago izango du bere eremua defendatzea eta beste taldeari kintzea irabaztea, hauek zelai handiagoa izango dutelako. Horregatik da garrantzitsua arraia aurkarien zelaian ahalik eta atzeen lortzea, gero zelai hori gurea izango baita eta txikiagoa izango denez, eremu gutxiago defendatu beharko dugulako eta beste zelai handian tantoa egitea askoz errazago izango dugulako. Hemen garrantzi handia hartzen dute lehen aipaturiko koartoek, beraiek baitira arraia lortzen edo ekiditen duten jokalari nagusiak. Aipatu behar da ere, taldeetako jokalariak besteen eremuan sar daitezkeela kintzea errazago lortzeko, batez ere arraietan.
Oitz herrian jokatutako partidu baten zati bat ikus dezakezue jokamolde honetan hobeto koka zaitezten.

2.    Jokoa

2.1. Jokalariak
Jokalarien postuei dagokionez, jokoa ulertzeko oso garrantzitsua da postu bakoitzean jokatzen duen jokalariaren funtzioa zein den eta zertan datzan ulertzea. Aipatu beharra dago ere, jokalariek partiduan zehar postuz aldatzen ahal dutela.

 · Sakalaria: botarria izeneko tresna batetik sakea egiten duen jokalaria da, eta lehen erran bezala, horretarako eskularru luzea erabiltzen du. Sakeaz gain, pilota jokoan dagoenean hau nahi duen bezala mugi dezake besteei tantoa egiteko helburuarekin. Jokalari hau errestoan baldin badago beste taldeak pilota sakatzen duenean, errebotearen ondoan kokatuko da.

·         Numeroa: jokalari hau, bere taldeak sakatzen duenean, sakalariaren eta koartoen artean kokatzen da; errestoan berriz, errebotearen ondoan, sakalariarekiko paralelo. Honek ere, sakalariak bezala, eskularru luzea janzten du eta bere helburua, pilota ahalik eta gehien mugituz aurkako taldeari tantoa egitea da.
·         Koartoak: bi koarto daude talde bakoitzean eta zelaiaren erdian kokatzen dira, plazako erdiko marratik nahiko hurbil eta sakalaria eta numeroen aurrean, bata bertzearekiko paralelo. Hauek eskularru motzak erabiltzen dituzte eta horregatik, beraien helburu nagusia pilota gelditzea da, nahiz eta batzuetan, pilota urrutira bota behar izaten duten. Jokalari hauen lana ez da sakalariena edo numeroena bezain ikusgarria, baina oso betebehar garrantzitsua dute, batez ere aurrerago azalduko ditugun arraietan.










Ì Txatxaria: txatxaria ez da jokalari bat, esan dezakegu laxoa jokamoldeko “epaile” gisako bat dela, honek partiduaren martxa kantatu eta kontatu eta arraiak leku zehatzetan markatzen baititu banderatxo batzuk erabiliz. Horrela, arraia bat jokatzean, jokalariei arraiaren kokapen zehatza adierazten die, “Ni arrai!” oihukatuz; bera dagoen tokia arraiaren marra dela adieraziz.

2.2. Kolperik ezagunenak
Laxoa jokamoldeko kolperik ezagunenak sotamanoa, bolea, errebesa eta mandrona dira. Lehenengo hirurak oso erabiliak dira euskal pilotako beste hainbat jokamoldeetan, baina mandrona (errebesaren oso antzekoa) laxoaren kolpe adierazgarriena da, gainerako jokamoldeetan ez baita erabiltzen.

2.3. Jokaldirik ikusgarrienak

Laxoa jokamoldeko jokaldirik ikusgarrienetarikotzat har ditzakegu pilotak plaza osoa gainditzen dueneko jokaldia eta arraia lortzeko pilota lurrera botatzen denekoa. Lehenengo jokaldi hau ikusgarria da plaza gainditzeko jokalariek pilotari izugarrizko “zartakoa” eman behar diotelako, plaza oso luzea baita (60-80m). Antzina, gainera, batzuetan pilotak plaza guztia igaro eta ondoan zeuden kaleetara bidaltzen zituzten, aurkako taldeko jokalariak korrika batean plazatik irteten zirelarik pilota bila, padelean egiten den antzera. Bigarren jokaldia, aldiz, nahiko bitxia da, jokalariak pilota zuzenean lurrera botatzen saiatzen direlako, arraia lortzeko intentzioarekin (pilotak bi bote eman eta gero gelditzen denean edo plazan bote bat eman eta bertatik irteten denean). Hau euskal pilotako jokamolde gehienetan ez denez ohikoa, ikusleek gustuko dute eta ikusgarria izaten da, beste taldeko jokalariak askotan arraia ekidin nahian lurrera botatzen direlako.

         Badakigu jokamolde eder hau ez dela oso erraza ulertzen, batez ere arraiaren puntua kontutan hartzen badugu, baina guk kontzeptu hauek eta jokamolde  honetara nola jokatzen den ahalik eta errazen ulertzeko bideo bat egin dugu. Espero dugu zuen gustukoa izatea.




Bibliografia:

·         Arraztoa T., eta Prim J. (2003). Laxoaren gida. Baztan: Laxoa elkartea
·    Calderón G., Carrión H., & Gil J. (2010). Patrimonio histórico del juego y del deporte español: Laxoa-Guante. PDF.
·         Urriak 20 inguruan hartua http://www.youtube.com/watch?v=QZjSpbL4yFY -tik.
·         Azaroak 21ean hartua http://www.euskonews.com/artisautza/0194zbk/procesos_es.html -tik.
·        Azaroak 21ean hartua http://www.youtube.com/watch?v=tuH2ipaBkgQ –tik.


23 comentarios:

  1. Ebaluazioa: Lan hau, nire ustez, oso egokia, zehatza, zuzena eta argia da, ondoren aipatuko dudanagatik:

    Sarrera, motza eta guztiz ulergarria da. Egitura aldetik, testua, argia eta ordenatua dago. Gainera, izenburuak esaten duena , ondoren azalduta gelditzen da. Argazki lagungarriak eta bideo oso egokiak txertatu dituzue.
    Bibliografiari dagokionez, landua eta informazio asko eskuratu duzuela ikusten da, gainera, grabatutako bideoa ulerkorra eta dinamikoa da, taldekideen kolaborazioa nabarmena da eta.
    Eranskinak, hau da, bideoak, artikuluak eta argazkiak oso egokiak dira eta oso ondo txertatuta daude.

    Jokamoldea ere garbi azalduta gelditzen da.
    Joko mota, zuzena dela nabarmentzen duzue, partaide kopurua eta sakea botarrian egiten dela garbi ikusten da. Materialaren azalpenari dagokionez, zehatza da eta argazkien laguntzaz bikain ulertzen da.
    Jokalekua garbi azalduta dago, argazkiak ere horretan laguntzen dute.
    Puntuazio sistema ere garbi eta zehatz azaltzen duzue eta erraz ulertzen da.
    Joko ekintzari dagokienez, argi eta garbi azaltzen duzue.
    Arraia edo marraren azalpena, oso egokia da, nahiz eta arraren dinamika ulertzea ez oso erraza izan, ohikoa ez delako, hala ere, hemen oso modu sinplean azaltzen duzue.
    Hala eta guztiz ere kolpeak gehiago azaltzea gustatuko litzaidake, argazki batzuk sartuz edo bideoren bat txertatuz.
    Honenbestez, lana bikaina da, garbia eta zehatza, beraz, nire nota 10ekoa da.

    ResponderEliminar
  2. 1. Ikus daiteke, datuak jasotzeko iturri ezberdinak erabili direla. Elkarrizketak gauzatu dira, liburuak eta artikuluak ezberdinak erabili dira eta jokamolde hau praktikatzeko instalazioak bisitatu dira
    2. Aurkezpena, oso argia da, testua ordenatua dago, erraz ulertzen da, galderari erantzuten dio eta argazki eta eskemak oso lagungarriak dira jokamolde hau ulertzeko.
    3. IKT-tresna ezberdinak erabili dira, audio-dun bideoak eta argazkiak.
    4. Taldekide guztien parte hartzea egon dela ikus daiteke bideoetan.
    5. Jokamoldearen egituran, puntu guztiak daude azalduta, gainera erraz ulertzeko bezala.
    6. Joko ekintzan berriz, nahiz eta oso ondo dagoen azalduta, kolpeen argazkiak faltan bota ditut (sotamano, bolea, errebesa eta mandrona)

    Orokorrean, lan txukuna eta garbia dela iruditu zait, gainera erraz ulertzeko modukoa. Lana hobetzeko, kolpe ezberdinen argazki edo bideo gehiago jarriko nituzke (nahiz eta ez den erraza jokamolde honi buruz aurkitzea)

    NOTA: 8,5

    ResponderEliminar
  3. Blog on baten aurrean gaude, informazio oso ona duelako eta horrelako blog gehiago egon beharko lirateke, kirol zahar hauei garrantzia gehiago emateko. Informazioa ikusten da liburuetatik hartuta dagoela, ez zen gaziki egongo jokalari batek esplikatutako zerbait jartzea, hainbeste teoriaren artean. . Informazioa oso ondo antolatuta dute, sarreratzo bat, egitura eta jokoa banatu dituzte banaketa honek urruna datorrena ulertzeko oso baliagarria da. IKT-tresnen erabilera ona izan dute, argazki eta bideoekin, hala ere lehen esan bezela jokalari bati egindako elkarrizketa baten bideoa ez zen gaizki egongo. Kolaboraziozko lana ez dakit egon den bideoetan inor ez baita atera. Amaitzeko esan daiteke beraiek emandako esplikazioaz jokamoldea ondo ulertzen dela, jokalarien postuak, arraia, puntuazio sistema… ondo esplikatzen baitute. Hala ere sakea zeinek egiten duen, ea beti talde berdinak egiten duen eta taldeak lekuz aldatzen direneko hori hobeto esplikatzea ez zen gaizki etorriko.
    Nota: 8,5

    ResponderEliminar
  4. Laxoari buruzko lanaren kalifikazioa:
    Datuen erabilpena: Ikasleek haien lana garatzeko iturri ezberdinetara jo dutela ikusten da, liburuak erabili dute, bideoen erabilpena ikusten da (bai teoria osatzeko,bai argitzeko) . Gainera, jokamolde hau praktikatzen den herri batera joan dira, hango jokalari oiha bati elkarrizketa bat egiteko eta bere lana sakontzeko.
    Lanaren argitasuna: Oro har, ikasleek lana ordenatuta egin dute, paragrafoak modu zuzenean erabili dute, atal bakoitzari izenburu azpimarratua jarri diote, argazkiak teoría ulertarazteko erabiltzen dute,…
    Hala ere, jokamoldea errazago ulertzeko eskemaren bat faltan botatzen dut.
    Bideo eta argazkien erabilpena: Ikasleek jokamoldea azaltzeko bideo dezente erabiltzen dituzte, jokamoldea ulertarazten asko laguntzen dutenak.
    Kolaborazioa: Elkarrizketan ikusten den bezala, denak elkarrizketa egiten dute kolaborazioan.
    Jokamoldearen egitura:
    -Joko mota, duelu mota, ongi azalduta daude.
    -Instalazioak nola diren azaltzen da. Hala ere, laxoan plaza handi batean ez dut uste errebotea erabiltzen denik.
    - Materiala ongi azaltzen da, horretarako, bideoak ere erabiliz.Baina pilotarekiko erlazioa ez dute argi azaltzen.
    -Sakea eta errestoa, galtzeko eta irabazteko moduak argi azaltzen dira.
    -Puntuazioa nola den zehazten da.
    Bukatzeko, nork sakatzen duen eta sake-errestatzaileen ohiko kokapena argi azaltzen da.
    Baina, ohiko jokaldien eta jokamoldeko kolperik ezagunenen azalpena faltan botatzen dut.
    Laburbilduz, gure neskek lan txukun eta argia egin dute, aipatutako zenbait akats txiki horiek zuzentzean bikaina lortuko dutelarik.
    Lanaren nota: 9

    ResponderEliminar
  5. Ebaluazio irizpideak zehaztutakoa kontuan izanik, esan dezaket blog honetan Laxoaren inguruko informazioa anitza eta ondo landua izan dela. Alde batetik, erreferentziei erreparatzen badiegu, agerikoa da liburu bi bakarrik erabili dituztela, izan daiteke liburu bi horietan behar zuten beste informazio topatu dutelako edo bestela, ikus-entzunezko baliabideez egin duten erabilera bikainaz baliatuz lana osatu ahal izan dutelako. Bestetik, aipatzekoa bada ere testuaren egitura, gramatika eta antolamendua guztiz egokia dela, gainera jokamolde hau azaltzen dituzten atalak orden zuzenean ipini dituztela esango nuke lehendabizi joko honen helburua zehaztu baitute eta ondoren, erremintekin eta joko arau sistemekin jarraitu dutelako. Erantzun beharreko galdera guztiak argitasun osoz erantzun dituzte, horregatik, sortarazi zitezkeen zalantza guztiak argitzen dituztela uste dut eta baten bat sortzekotan, bideoen zein argazkien bitartez bertan behera geratzen dira. Azkenik, esan beharra dago taldekide guztien partaidetza bermatu dela. Hau guztia kontuan izanik nire ustetan, talde honen kalifikazioa 9koa da.
    Nicolas Cuevas

    ResponderEliminar
  6. Aurkezpen oso argia , testua oso ondo ordenatuta dago (izenburuak eta azpiatalak ongi zehaztua ageri dira), eta horrek lana errazago irakurtzen eta ulertzen laguntzen du. Erabilitako bibliografiari dagokionez, lana egiteko informazio ugari jaso dutela ikusten da, eta ondoren, informazio hori IKT-en bidez (bideo, argazki eta audio) guri helarazi digute. Kolaborazioari dagokionez, berriz, argi eta garbi azaltze da lanean taldekide guztien parte hartzea. Jokamoldearen egiturari dagokionez, puntu guztiak landu dituzte, eta marra jokamoldea ohikoa ez denez ulertzeko orduan zailtasunak izan ditzakeen arren, oso ongi ulertzeko moduan azaldu dutela iruditzen zait. Eta jokoaren ekintza ere garbi azalduta dago. Zerbait esatekotan, kolpeen azalpena argazki batzuez laguntzea egokia litzatekeela aipatuko nuke. Orokorrean, oso lan txukuna.
    Kalifikazioa: 9

    ResponderEliminar
  7. Jokamolde hau aukeratu dut, izan ere, inoiz ez dudalako jokamolde honetaz aurretik ezer entzun. Irakurri dudan bezala, euskal pilotako jokamolderik zaharrenetariko bat dela eta horrek oso interesgarri bihurtzen du blog hau. Datuak jasotzeko iturri desberdinak erabili dutela ikusten da, alde batetik Tiburtzio Arrastori elkarrizketa egin diote, laxoari buruz gehien jakin dezakeen pertsonetariko bat dela esanez. Bestalde liburuak erabili dute, eta baita ere bideo ezberdinak erabili dute. Aurkezpenari buruz egokia dela esan dezakegu. Aurkeztutako informazioa, ordenatua eta argitasunarekin ulertzen da, argazkiekin lagunduta. Informazioa zati desberdinetan banatu dute eta horri esker errazago ulertzen dira edukiak. IKT-ren tresnaren erabilerari dagokionez, aproposak dira, bideoak eta argazki desberdinak erabiliz. Kolaborazio lanari dagokionez, lehen esan dugun bezala Tiburtzio Arrastori elkarrizketa egin diote beraz, laxoan jakituak direnekin batu dira, baina faltan bota izan dut beraien presentzia partida batean ikusle edo jokalari moduan, izan ere jarritako bideoetan ez da argi gelditzen ea beraiek egon diren partida jokatzerako momentuan. Jokamoldearen egituran ondo desberditzen dituzte azpimultzo bakoitza, joko mota eta helburua, erramintak, puntuazio sistema eta arraia (azken hau oso garrantzitsua) azalduz. Joko ekintzaren deskribapen ona ematen da, jokalarien rol ezberdinak azalduz, kolperik ezagunenak eta jokaldirik interesgarrienak aipatuz.
    Nota: 8,75

    ResponderEliminar
  8. Hasteko, esan beharra daukat laxoari buruzko informazio gehiegi ez nekiela, duela pare bat aste ez bainuen ezta ezagutzen ere, horrexegatik hautatu dut blog hau. Izan ere, irakurri ondoren geratu zaidan sentsazioa nahiko ona izan dela uste dut.

    Bibliografian ikus dezakegunez, datuak jasotzeko hainbat iturri ezberdin erabili dituzte (Arraztoa eta Calderon) eta estekak gehitu dituzte interesatuentzat. Horrez gain instalazioa bisitatu dutela argi geratzen da bideoa ikusi eta gero, Doneztebeko plaza librea oker ez banaiz.

    Aurkezpenaren argitasunari erreparatuz gero, esan dezakegu testua ulerterraza suertatzen dela eta paragrafoen bereizketa eta izenburuak erabat aproposak direla.
    IKT tresnei dagokionez, ebaluazio irizpidea guztiz bete dute, igota dauden bideotan hain zuzen ere, nahiz eta nire taldekide batek dioen bezala jokalari profesional batekin elkarrizketa bat faltan botazen dut, nahiz eta Tiburtziorekin eginiko bideoa oso interesgarria izan.

    Kolaborazio lanari dagokionez guztiz betetzen dela besterik ezin dut esan.

    Lanaren egiturari eta ekintzaren deskribapenari dagokionez ezer gutxi esan dezaket, ondo azalduta baitaude kontzeptu garrantzitsuenak. Zoriontzekoa da arraiaren kontua azaldu duten modu sinplea eta ulerkorra eta lanean zehar beste kirolekin egindako konparazioak argitasuna emateko. Aurrez aurretik komentatu duten ikasleekin erabat ados nago, sotamanoa, bolea, errebesa eta mandrona kolpeen gehiegizko azalpena faltan bota baitut. Bestalde, asko gustatu zait postu espezifiko ezberdinen azalpena: sakatzailea, numeroa eta koartoak, kintze sistemaren azalpen argia ahaztu gabe.

    Hau guztia esan ondoren, zoriondu 4 neskak egindako lanarengatik eta hortaz nire kalifikazioa 8,75 ekoa izango da.

    ResponderEliminar
  9. Laxoa jokamoldearen bloga egiteko, ikasle kideek, informazio iturri desberdinak pilatu eta erabili ostean (liburuak, interneteko artikuluak, bideoak, Tiburtzio Arraztoari elkarrizketa,…), modu erraz eta argi batean ordenatu eta laburtu dute informazioa. Horretarako ere, lagungarri diren irudiak eta grafikoak erabili dituzte.
    IKT-tresnen erabilerari dagokionez, informazio iturrien erabilpenean esan bezela interneteko bideoak erabili dituzte zenbait argazkirekin batera esandakoa, dudarik balego, argiago uzteko. Gainera Tiburtzio Arraztoari, laxoari buruz gehien dakien pertsonetariko bat, egiten diote elkarrizketa eta bertan ikusten da talde honen kolaborazio lana, izan ere, lau kideak azaltzen dira elkarrizketatzen.
    Bestalde, jokamoldearen egitura zehazterakoan landu beharreko puntu guztiak behar bezela azaltzen dituzte: zuzena, simetrikoa (4:4), instalazioa, materaiala, sakea-errestoa, arraiaren azalpena, markagailua (jokoak, kintze sistema),...
    Azkenik joko ekintza deskribapenean, sakea nork egiten duen zehazten du, botarritik egiten dela deskribatzen da, baina non punpatu behar duen edo non ez, azaltzea falta sumatu dut. Jokaldirik ohikoenak eta ikusgarrienak ere deskribatzen dira. Hala ere, gomendio bezela, kolpe desberdinak nola egiten den ikusteak guztiz borobilduko luke egindako lan ona eta txukuna.
    NOTA: 9

    ResponderEliminar
  10. Datuak jasotzeko iturri ezberdinak erabili dira. Adierazten dute ea nundik lortu duten informazioa, eta gianera ere esan genezake hainbat iturrietatik dagoela hartuta.
    Aurkezpenaren argitasuna. Testua oso ondo ordenatua dago,lehenik sarrera batekin hasten delako eta ondoren informazioa ematen digulako.
    IKT tresnen erabilera. Argazkiak erabili dituzte biana nire ustez, materialaren argazki gutxiago jarri eta jokoaren argazkiak jarrita erakusgarriagoa izango litzateke.
    Kolaborazio lana. Hemen ikus dezakegu nola parte hartu duten denek; bai argazkietan, baita bideoan ere.
    Jokamoldearen egitura zehaztu. Azaltzen duzue non jokatzen den, ze puntuazio sistema erabiltzen den… baina nire ustez materialaren informazio gehiegi jartzen duzue eta nire ustez hori gehigarri bezala azaldu beharko zen. Marrei buruz ere hitz egiten duzu eta oso ondo ulertzen da. hori guztia esanda, ondo ulertzen da dena.
    Joko ekintza deskribatu. Hau ulertzeko, grafiko batez dago adierazia eta horrela begibiztaz dena ulertu dezakegu. Testua ere oso garbi dago eta horregatik ondo ulertzen da dena.
    Beraz, hau esanda, 9koa ipiniko nuke zeren eta informazio osoa oso ulerkorra delako eta ebaluazio irizpideko puntuak jarraitzen dituelako goitik behera. Zerbait faltatzekotan nire ustez partiduetako argazkiak izango ziren; materialari garrantzi gehiegi eman dietelako.

    Iratxe Astigarraga

    ResponderEliminar
  11. Informazioa iturri desberdinetatik jasoa izan da; etb1eko erreportaia, bideoak, elkarrizketak...
    Auzkezpenaren argitasunari dagokionez, testua ongi ordenatuta dago eta zehaztasunez. Gainera azpiatalak, puntuak..ezarri dituzue eta horrela, testuaren irakurpena arinagoa egiten da. IKTn erabilera ere egokia izan da; argazkiak eta bideoen erabilpena.
    Kolaborazioko lana izan dela ere argi utzi didazue egin duzuen bideoan, gainera, guztiek egiten dituzue galderak banan banan eta horrela guztien parte hartzea baieztatzen da.
    Joko egituraren aldetik, puntu guztiak azaldu dituzue, baina pilotaren erlazioa ez zait argi geratu, uste dut hori gehiago barneratzea hobe dela eta baita frontoiaren atalak gehiago azaltzea. Marra bat ezartzen dela aipatu duzue eta baita errebotea ere, baina gehiago garatu beharko zenuketela iruditzen zait.
    Azkenik, joko ekintzan, jokialdi ohikoenak, jokalarien postuak eta bakoitzak dituen betebeharrak argi azaldu dituzuela iruditzen zait. Aholku gisa, kolpeak , hau da, sotamanoa, bolea...gehiago deskribatzea egokia iruditzen zait, izan ere, blog hau ezer ez dakitenentzat ere da, beraz, hauek ez dakite kolpe mota bakoitza nola egiten den.
    Hauxe da guztia, lan txukuna egin duzue. Beraz, 9koa ezartzen diot zuen lanari.

    Maddi Garikano


    ResponderEliminar
  12. Hasteko esan beharra daukat jokamolde konplexua dela Laxoa eta hori kontuan hartuz lan handia egin dutela ikusi dudala, jokamolde honen konplexutasuna eta berezitasunak azaltzeko eta deskribatzeko orduan. Ebaluatzeko orduan, irizpideak jarraituz hurrengoa esango nuke:
    -Datuak jasotzeko iturri anitz erabili dituztela argi ikusten da, elkarrizketa sakona gauzatu dute, eta artikulu edota liburu eta bideoen estekak agertzen dira bibliografian non argi ikusten da iturri ezberdineko informazioa aztertu dutela. Gainera, jokamoldea praktikatzen den herria bisitatzea oso lagungarria izan da informazioaren osaketarako.
    -Aurkezpenari dagokionez, egokia iruditu zait. Ordena eta argitasunaren aldetik bikaina dela uste dut, beharrezkoa den informazioari zehaztasunez erantzun diote eta argazki ezberdinen erabilerak lagungarriak dira testuaren ulermenerako.
    -IKT tresnei dagokionez, gutxi aipatuko dut, izan ere, bikain bete dute. Aipamen zehatza egingo nioke bukaerako azalpen bideoari, oso lagungarria eta ondo osatua.
    -Kolaborazioari dagokionez, baita, taldekide guztien agerpena ikusten da, bideoa osatzeko eta elkarrizketa burutzeko orduan.
    -Egiturari dagokionez, ondo estrukturatuta dago eta orokorki oso landua. Puntu guztiak era ordenatuan lantzea lagungarria da jokamoldearen ulergarritasunerako (joku eta duelu mota, instalazioa, materiala, tantoak eta markagailua). Baina esango nuke, sake-errestoaren (nondik, nora) puntua zehazki gehiago landuko nukeela. Egia da aipatu dutela nolakoa den, baina puntu ordenatu guzti horien barruan garrantzi gehiago emango nioke puntu zehatz honi, pixka bat gehiago zentratu, naiz eta hurrengo atalean kokapenak eta abar ondo zehaztu.
    -Bukatzeko, joko-ekintzari dagokionez, dezente dagoela uste dut, jokalari mota guztien funtzioa ondo landuz. Esango nuke, faltan bota dudala azkenengo puntuetan zertxobait: kolpe ezagunenei dagokionez, azalpen gehiago, eta jokaldiei dagokionez, ikusgarrienen aipamenaz aparte, erabilienak pixka bat gehiago lantzea.
    Guztia kontuan hartuz, gustukoa izan dut bloga, nahiko betea eta landua, beraz, nire nota 9koa da, zorionak!
    María Ortiz de Pinedo Ochoa

    ResponderEliminar
  13. LAXOA. Ebaluzio kritikoa.
    Lan hau, orokorrean, ongi egina dagoela esango nuke.
    Alde batetik, datu iturri ezberdinak erabili dituzte (elkarrizketatuak esana, pilotalekua bera, liburu eta artikuluak, bideoak…) ; testua argi idatzia eta betelanik gabea dela esango nuke, batzuetan esaldi luzeegiak eta konplexuegiak erabiltzen dituztela iruditu arren, testua ordenatua, erantzun garbi eta lagunduko dioten irudiak daramatzalako ; IKT tresnen erabilera egokia egin dute testua ulertzen lagunduko duten bideoak erantsiz ; eta ikus daitekeenez, lana kolaborazioan egin dute eginiko bideoetan beti norbait ezberdina azaltzen baitzen elkarrizketatuari galderak botatzen.
    Bestalde, jokamoldearen egitura azaltzerako orduan, pare bat gauza izan ezik gainontzekoa egoki azaldu dutela uste dut. Haiek esan bezala, arraia (marra) azaltzea zaila den arren, nik esaldi jarraiak alde batera utzita, puntuka azalduko nuke arraia edo marraren funtzionamendua, batez ere, jokamolde honetaz ezer ere ez dakien norbaitentzat zuzendua dagoelako lana. Gainera, tantoa irabazi edo galtzeko erak ere argiago azalduko nituzke, aurrekoa bezala, puntuka jarriz.
    Azkenik, joko-ekintza azaltzerako orduan, argi asko utzi dute zein den sakatzailea, sake-errestokoen kokapena eta jokamoldeko jokaldirik ohikoenak. Kolperik ohikoenak, aldiz, gehiago azaldu beharko liratekeela iruditzen zait. Batez ere, hain garrantzitsua dela esan duzuen mandrona.
    Honenbestez, lan honi 8,5 bat jarriko nioke.
    Sara Dorronsoro Alegria

    ResponderEliminar
  14. IRUZKINA
    Iruzkin honetan talde lan honen eta blogaren nire iritzi konstruktiboa ematen saiatuko naiz:

    1-Datuak jasotzeko iturri desberdinak erabiltzea: argi dago informazio iturri desberdinak erabili dituztela lan hau burutzeko, izan ere, blogaren amaieran bibliografia bat ageri da. Baita ere, bideo eta argazkiak ditugu elakrrizketaz gain. Informazio iturri asko erabiltzeak, kasu honetan, ez du esan nahi informazio gehiegi idatzi dutenik, baizik eta eskatzen zena modu zehatz eta egoki batera moldatu dute eta oso argi uler daiteke eurek azaldu nahi izan dutena nahiz eta jokamolde hau berez ulertzeko zaila izan.

    2-Aurkezpenaren argitasuna: erabilitako informazio era egokian antolatu duzue blogean zehar izenburuekin atal desberdinak bereiztuz. Horregatik, irakurtzeko eta ulrtzeko aringaoa eta errazagoa egiten da. Horrela, informazioa argi aurki daiteke, zerbait zehatza bilatzekotan bazaude.


    3/4-IKT-tresnen erabilera eta kolaborazio lana: 1.go puntuan aipatu bezala iturri desberdinen erabilera egokia egin duzue, hau da, argazki desberdinak erabili dituzue bai pilotaren inguruan eta baita instalazioari dagokionez ere. Beste alde batetik, zuek ekoitzi duzuen bideoa ikaragarria iruditu zait, izan ere, blogean zehar jorratu duzuen informazio gustia laburbildu duzue galdera zehatzak eginez elkarrizketatuari. Gainera, bideoa originala izan da nire ustetan, izan ere, azken emaitza polita iruditu zait Tiburtzio Arrastoaren hitzekin jolastu baituzue bideoaren muntaia egiterako orduan. Hortaz, argi ikusten da, elkarrekintza totala egin duzuela zuen artean.

    5/6-Jokamoldearen egitura eta joko ekintza deskribatu: honi dagokionez aipatu beharreko puntu guztiak azaldu dituzue informazio gehigarri gutxi sartuz baina oinarrizkoena dena ageri da (joko mota, instalazioa, materiala, sakea eta errestoa...). Baita ere, arraia delakoa azaldu behar izan duzue, izan ere, laxoan ageri da. Joko ekintzari dagokionez ohikoenak aipatu dituzue eta baita laxoan berezia den bat, gero bideoan agertzen dena.

    Hobetzeko moduan, “erremintak edo tresnak” atalean bideo bat txertatu duzuela diozue, baina nik horra sartzean informazio gehigarria bakarrik ikusten dut, ez bideorik. Eta azkenik, jokaldi ezagunenez osatutako bideoa bat faltan bota dut, azaldutako guztia pixka bat argiago geratzeko.
    Hala ere, lan bikaina egin duzuela uste dut eta ondo egindako gauza askoz gehiago daude falta diren gauzatxoak baino.

    Nota: 9,5

    Arrate Barros

    ResponderEliminar
  15. Datuak jasotzeko orduan iturri desberdinetatik hartu duzuela nabaria da, horrek lana aberasteen du.
    Aurkezpena ezin hobea da paragrafoak ondo banatuta daude eta ulerkorrak dira, argazkiak eta grafikoak ulertzen laguntzen dute.
    Erabilitako tresnak, baliagarriak dira, bideoak jokaldiak eta partida ikusteko baita,
    Kolaborazio lana ikusi egiten da bideoetan
    Jokamoldearen egitura ondo ulertzen da eta argi azalduta dago, sakeari buruz, zerbait gehiago esatea faltan botatzen dut, sakean erabiltzen dituzten estrategiak edo.
    Jokaldi ohikoetan bideoren eta azalpenen bat egotea ez legoke gaizki.
    Lana bikain dagoela uste dut eta hobekuntza gutxi egingo nituzke, gainera oso jokamolde zaila da azaltzeko beraz kalifikazioa 8,5 izango da.
    Beñat Larrinaga

    ResponderEliminar
  16. Lanari buruzko ebaluazioa:
    Blog honen itxura hasiera batean interesgarria iruditu zaidalako hautatu dut.
    Lana estruktura aldetik oso ondo antolatua dago blogean, argazkiak, bideoak leku egokian daude txertatuta eta lagungarria dira jokamolde hau hobeto ulertzeko.
    Jokamolde honi buruz hitz egiterakoan asko gustatu zaidan gauza bat,Izenburuak ondo idatzita daudela eta bertan dagoen informazioa oso ondo azaldua eta garatua dagoela gustatu zait baita hitz garrantzitsuenak azpimarratuta daudela , honek testua ulergarriagoa izaten laguntzen du.
    Nabaria da lan honetan talde lana egon dela taldeko guztiak parte hartu dutela, lana ez dagoelako zatitan egina dena bat izango balitz bezala egina dagoelako.
    Datuak jasotzeko iturri desberdinak erabili dutela
    Lanean ez zaidana batere gustatu blogak duen fondoa izan da, nik uzte dut ez datorrela bat gaiarekin.
    Azkenik esan beharra daukat, lan hau oso ondo egina dagoela, garbia eta txukuna da eta oso ondo ulertzen da jokamoldeari buruz dagoen informazio guztia.
    Nota:9,5
    Ariane Unanue

    ResponderEliminar
  17. Orokorrean, lan hau irizpideak ongi jarraituz eta nahiko ongi egina dagoela esango nuke.Datuak hartzerako garaian, berehala ikusten da iturri desberdin asko erabili dituztela eta esfortzu handia egin dutela ahalik eta informazio gehien ateratzeko ahalik eta toki gehienetatik.Bestalde, aurkezpena argia izateaz gain, informazioa oso modu ulergarrian dago antolatuta, asko eskertzen dena jokamoldearen ulergarritasunerako.Kolaborazioa erabatekoa dela ikusi dezakegu argi eta garbi elkarrizketako bideoan.Jokamoldearen egitura aldetik, puntuz puntu dena ongi azalduta dagoela uste dut eta ondo ulertzen da nola jokatzen den laxoan.
    Hala ere, joko ekintzan puntu guztiak bete dituzten arren, kolpeen argazkiak adibidez faltan bota ditut; argazkiekin azkarrago ulertzen bait dut.Orokorrean, beraz, lan egokia dela uste dut. Lana hobetzeko, lehen esan dudan legez, kolpeei buruzko informazio gehiago txertatuko nioke.
    Balorazioa: 8
    Andoni Zumeta

    ResponderEliminar
  18. Laxoari buruz orain arte ezer jakin ez dudanez, zuen bloga irakurtzea erabaki dut, jokamolde honen inguruan zerbait jakiteko. Zuen lanari eta gureari esker (boteluzea, joko egitura oso antzekoa dutelarik) lortu dut oinarri bat izatea joko zuzenen inguruan.

    Aurkezpenaren inguruan, testua ongi dago idatzia baita ulerkor ere, baina, nire ustez fondoa jokamolde honekin erlazio gehiago duen irudiren batekin edo jarriko nuke.

    Hainbat informazio izan duzuela nabaria da bibliografian agertzen den bezala, eta hori jarri dituzuen argazkiekin zein bideoekin (IKT tresnak) ongi uztartu duzue. Asko gustatu zaidan argazkia pilota eskularruan bertan azaltzen denekoa da, pilotaren dimentsioak eta haien arteko erlazioa ongi adierazten dituelako. Zuek eginiko bideoa ere oso garrantzitsua iruditu zait, talde lana erakusten duzuelako (kolaborazio lana).

    Jokamoldeari dagokionez, laxoaren funtsa ongi azaldu duzuela iruditzen zait, kokapena, arraia edo marra, puntuazioa, kolpe ezberdinak,… hau laguntzeko bideo

    egokiak baliatu dituzuelarik (nahiz eta Oitzko partida horretan oso ongi ikusten ez den, baina ideia ona da).

    Honekin guztiarekin esan beharra dago oso ongi dagoela bloga eta zerbait gehiago ikasi dudala joko zuzena den Laxoan kasu. Beraz, nire kalifikazioa 9´25ekoa da.

    Jon Amiama

    ResponderEliminar
  19. Este comentario ha sido eliminado por el autor.

    ResponderEliminar
  20. Lan hau izugarri polita, landua, garbia eta informazioz betea dagoela iruditu zait, izan ere, eskatutako irizpide guztien informazioa biltzen du era ordenatu eta argi batean.

    Alde batetik, agerian geratzen da lan hau osatzeko erabili dituzuen medio desberdinen erabilera; hala nola, ETB-ko erreportaiak, bideoak, argazkiak, liburuak…zenbait kasutan nituen zalantza batzuk argitzeko edo hobeto ulertzeko erabilera handikoak gertatu zaizkidanak.

    Bestetik, aurkezpenaren antolamenduari eta argitasunari dagokionez, aitortu beharra daukat asko gustatu zaidala aukeratu duzuen antolamendu era, puntuz puntu banatu duzuelako eta horrek argitasuna eman dio lanari.

    Azkenik, joko ekintzaren eta egituraren deskribapenari dagokionez ezer gutxi esan dezaket, oso ondo azalduta baitaude kontzeptu guzti-guztiak; hala nola, talde bakoitzean dauden jokalari ezberdinen izenak eta funtzioak, hauek erabiltzen dituzten erramintak edo tresnak, jokoan erabiltzen den puntuazio sistema…

    Esandako guztia kontuan izanda lan honen puntuazioa 9,5ekoa dela uste dut, ZORIONAK NESKAK!

    ResponderEliminar
  21. Iruzkin honetan nire balorazioa emango dut.

    1-Datuak jasotzeko iturri ezberdinak erabiltzea: bibliografian ageri den bezala, eta nahiz eta informazio gutxi egon ahal izan den asko jorratu dute blog hau, leku ezberdinetatik informazioa lortuz.

    2-Aurkezpenaren argitasuna: Testua argazkiekin oso ondo konbinatua dago eta beraz errazago ulertu egiten da, hau oso gauza garrantzitsua izanik irakurleak erakartzeko. Hala ere, esan behar dut blogaren fondoa agian ez datorrela bat bertan datorren informazioarekin.

    3/4-IKT-tresnen erabilera eta kolaborazioa: Egin duten elkarrizketan oso argi ikusten da kolaborazioa egon dela, eta bideo honi esker nabaria da kolaborazioa eta baita ikt tresnen erabilera.

    5/6-Jokamoldearen egitura eta joko ekintza deskribatu: Ia dena ondo esplikatua dago baina nik sakean egin daitezkeen estrategiak agian jarriko nituzke, eta baita kolpeen argazkiren bat ere. Marra ondo azaltzen duzue, kokapena ere...

    Bloga gustatu egin zait eta laxoa jokamoldea hau irakurri ostean argiago geratu zait. Hau guztiagatik:

    KALIFIKAZIOA: 8'5

    UNAI BARRENETXEA

    ResponderEliminar
  22. Beste blogekin bezala zuenarekin ere egingo dut. Nola jokamolde hau ez dut ezagutzen, aukeratu dut pixkat ezagutzeko eta zerbait berria ikasteko.

    Datuen erabilpenei dagokienez, argi dago informazio iturri desberdinak erabili dituztela lan hau borobiltzeko:bi liburu(bat 2003koa eta bestea 2010ekoa)

    Lanaren argitasunari buruz esan behar dut orokorrean bloga txukuna dagoela eta ondo erabili dituztela estekak, bideoak eta argazkiak momentu egokian sartzeko. Partida bat ikusten den bideoan ez da ondo ikusten jokoa oso azkarra delako eta oso zaia delako ondo grabatzea mugimendu guztiak. Hori da aurkitu dudan akats handiena. Beste bideo batean aldiz, elkarrizketan, oso ondo iruditu zait laurok bideoan parte hartzea, hor argi geratzen da talde honen kolaborazioa bikaina dela eta lana ondo banatu dutela.

    Jokamolde egituran, puntu guztiak agertzen dira ondo zehaztutak eta ondo azaldutak: pilotarekiko erlazioa, joko egoerak markagailua, sakeko eta errestoko gunea, botarria zer den eta zertarako balio duen, joko eremua, etab.

    Bukatzeko esan behar dut niretzat lan on bat dela eta iruditzen zaidala lan asko behar izan duela iruditzen zaidala. Guzti honengatik blog honi ematen diodan nota 8.25ekoa da.
    ZORIONAK NEXKAK!!!!
    Julen Fernandez (Pala luzea binaka fontoi luzean)

    ResponderEliminar
  23. Nire taldearen lanean, bote luzean, askotan entzun ditugu laxoari buruzko erreferentziak, eta horrek bultzatu nau blog hau irakurtzera, ezberdintasunak ikusteko bi jokoen artean. Egia esan nahiko antzekoak aurkitu ditut biak, agian hau dibertigarriako, laxoak indar gehiago ematen baitu.

    IKT herreminten erabilera ona izan da, bideoak eta irudiak argiak dira, xixak edo marrak oso ondo azalduta daude. Blogaren egitura oso ona iruditu zait, ordena garbia darama eta ez du inongo momentuan errepikatzearen sentsazioa ematen.

    Jokamoldea ulertzerakoan ez dago arazorik, agian marrak pixkat zailak dira ulertzen jokatzen ez bada. Gure blogean ere zailtasun hori izan dugu xixak azaltzerakoan, baina hori akatsa ez denez, perfekto dagoela esan behar da.

    Gauz bakarra kontran, moreak begiak nekatzen ditu irakurtzeko momentuan.

    Beraz nire kalifikazioa 9.5 da. Oso ondo dago

    Martin de la Fuente

    ResponderEliminar